Berriak
Atzealdea Mintzodromoa abenduaren 1ean
2022·11·21
Hernaniko Udal Euskaltegiak 2022an ere Mintzodromoa antolatuko du; aurten abenduaren 1ean, ohi bezala, Euskararen Egunaren inguruan. Izena emateko epea azaroaren 14tik 25era izango da.
Zazpigarren edizioa izango da. Azken txandan, esate baterako, 100 pertsonatik gora aritu ziren giro ederrean euskaraz hitz egiten mahai baten bueltan goiz eta arratsalde: euskara ikasleak, herritar euskaldunak, ikasleak... euskaldun zaharrak dinamizatzaile eta laguntzaile zituztela. Azken edizioetan, gainera, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian bildu izan gara goxo eta eroso.
Une atsegin bat pasatzeaz gain, honako helburu hauek ditu Mintzodromoak: euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... . Azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea.
Aurten ere, azkeneko aldietan bezalaxe, Biteri Kultur Etxean egingo dugu, epelean. Saio bakarra egingo da, 10:00etatik 11:00etara. Euskara ikasten ari bazara edota ikasi bai, baina gehiegi egiten ez baduzu, aukera ederra duzu praktikan jartzeko; egunerokoan euskaraz egiten baduzu ere animatu, oso aberasgarria da-eta dakizuna ikasten ari direnekin konpartitzea.
Izena emateko Hernaniko Udal Euskaltegiko 943 33 18 96 telefonora deitu (09:30etik 14:00etara) edo euskaltegi@hernani.eus helbidera idatzi.