Berriak
Atzealdea Mintzodromoa
2025·11·07

Hernaniko Udal Euskaltegiak, aurten ere, Mintzodromoa antolatuko du; aurten abenduaren 2an izango da, ohi bezala, Euskararen Egunaren inguruan. Izena emateko epea azaroaren 10etik 24ra bitartekoa izango da.
Aurtengoa hamargarren edizioa izango dugu. Joan den urtean, 120 pertsona inguru elkartu ginen Milagrosa eraikinean, giro ederrean euskaraz hitz egiten mahai baten bueltan: euskara ikasleak, herritar euskaldunak, ikasleak... euskaldun zaharrak dinamizatzaile eta laguntzaile zituztela.
Une atsegin bat pasatzeaz gain, honako helburu hauek ditu Mintzodromoak: euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea; euskalduna izan arren, ohituraz euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea... Azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea.
Saio bakarra egingo da, 10:00etatik 11:00etara, Biteri kultur etxean. Euskara ikasten ari bazara edota ikasi bai, baina gehiegi egiten ez baduzu, aukera ederra duzu praktikan jartzeko; egunerokoan euskaraz egiten baduzu ere animatu, oso aberasgarria da-eta dakizuna ikasten ari direnekin konpartitzea.
Izena emateko Hernaniko Udal Euskaltegiko 943 331896 telefonora deitu edo euskaltegi@hernani.eus helbidera idatzi. Bulego ordutegia:
-
Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 09:00-16:00
-
Astearte eta ostegunetan: 12:00-19:00